Elikagaien segurtasuna: birziklatutako plastikoak eta material alternatiboak

FAOren azken txostenaren arabera, gero eta gehiago erabiltzen da birziklatutako plastikoa eta elikagaiekin kontaktuan dauden beste material birziklatu batzuk elikagaien ontzietan. Horrek ingurumen-onura handiak ditu, baina, neurri berean, zalantzak sortzen ditu substantzia kimikoen kaltegabetasunari buruz. Hortaz, aztertu egin behar dira mundu mailan bateratutako arauak

Elikagaiekin kontaktuan dauden materialak funtsezkoak dira elikagaien galera eta xahuketa murrizteko; izan ere, luzatu egiten dute elikagaien bizitza baliagarria, eta kalitatea babestu. Hala, hobetu egiten da nekazaritzako elikagaien sistemen efizientzia, elikagaien segurtasuna handiagoa eta nutrizioa hobea izaten laguntzen baitute.

Hala ere, plastikoz egindako materialak modu orokorrean erabiltzea (ingurumenean luzaroan irauten dutenak) arazo bat sortzen ari da mundu mailan hondakin plastikoei dagokienez, eta horrek bide ematen dio plastiko birziklatuetarako mailaz mailako trantsizioari.

Gaur egun, mundu mailan, sortutako hondakin plastikoen % 10 besterik ez da birziklatzen. Aurreikus daitezkeenez, jasangarritasun-politikek areagotu egingo dute elikagaietako plastiko birziklatua erabiltzea, eta horrek zalantza sortzen du plastiko horiek izaten dituzten substantzia kimikoen kaltegabetasunari buruz.

Ondorio nagusiak

  • Jatorri biologikoko lehengaiak: azken materialetan plagizidak, toxinak edo alergenoak egon daitezke, eta elikagaietara pasatu. Hortaz, beharrezkotzat jotzen da garbiketa-prozedurak eta substantzia kimikoak ezabatzeko prozedurak ezartzea birziklatzeko fasean.
  • Nahita erantsitako substantziak: zalantzak daude materialen errendimendua hobetzeko gehitzen diren substantziei buruz, adibidez, nanomaterialei buruz. Funtsezkoa da azken materialetan elikagaietarako ez diren eta elikagaiekin kontaktuan egongo diren plastikoak kontrolatzea, konposatu kimikoak elikagaietara pasatu ez daitezen. Beharrezkotzat jotzen da, birziklatzeko fasean, elikagaietarako polimeroak bereiztea.
  • Nahi gabe erantsitako substantziak: ez dago informazio toxikologikorik elikagaiekin kontaktuan egoten diren materialetako substantziei buruz. Informazio gehiago behar da elikagaietara pasa daitezkeen egitura kimiko horiei buruz.
  • Mikro eta nanoplastikoak: neurketa-metodorik ez dagoenez, erakunde arautzaileek oraingoz ezin izan dute zehaztu giza osasunerako arriskurik ba ote dagoen. Baliozkotutako metodo analitikoak behar dira arriskuak hauteman eta identifikatzeko.
  • Onartutako produktu kimikoen inbentarioa edo zerrenda zuria: inbentario batek edo produktu moten arabera kategorizatutako zerrenda batek (erretxinen kodeak) lagundu egingo luke nazioartean antzematen elikagaiekin kontaktuan dauden materialetan erabiltzen diren produktu kimikoak. Horiei segurtasun-ebaluazioa egingo litzaieke.
  • Mundu mailan bateratzea arau-esparruak: lagundu egingo luke oinarri zientifikoa duten arrisku-ebaluazio sendoak egiten, bermatzeko elikagaiekin kontaktuan dauden material birziklatuen ekoizpen eta erabilera kaltegabea.

Azkenik, txosten horren ondorioak oinarritzat hartzen dira Codex Alimentarius Batzordeak etorkizunean egingo dituen eztabaidetarako, material birziklatu kaltegabeen ekoizpena bermatzeko; izan ere, hala, areagotu egingo da elikagaien segurtasun eta murriztu egingo da plastikoen erabilera.

Eguneraketa data: 2026/05/28

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…