SESALen XIV. Bilera, Salamanca, 2018

Elikagaien Segurtasun eta Kalitaterako Espainiako Elkarteak (SESAL) XIV. urteroko bilera egin du Salamancan, 2018ko urriaren 4an eta 5ean, Salamancan, “Segurtasunetik Elikagai Osotasunera” lemapean.

Elikagai Osotasunaren kontzeptu berri horrek, elikagai-segurtasunaz gain, elikagai-defentsa eta iruzurraren prebentzioa ere biltzen ditu. Gainera, kontzeptu horren pean, azkenaldian elikagaiak alferrik galtzearen kontrako borroka ere sartu da. Gai horien inguruan eztabaidatu da SESALen urteroko bilerara honetan, eta bertan parte hartu du ELIKAk.

Kalitate-kontzeptua

Hasteko, Nestleko Miquel Bonetek kalitatearen gaineko eztabaida moderatu zuen, administrazioaren, kontsumitzaileen, industriaren eta banaketaren, esparru akademikoaren eta komunikabideen ikuspegitik. Eztabaida horretan kalitate-kontzeptuari lotzen ari zaizkion alegazio berriei heldu zitzaien: iraunkortasuna, animalien ongizatea, propietate osasuntsuak, tokiko produktuak, merkaturatzeko zirkuitu laburrak (0 km), produkzio ekologikoa eta benetakotasuna.

Benetakotasunaren eta elikagai-iruzurraren erronka

AINIAko Roberto Ortuñok moderatutako saioak hainbat hizlari izan zituen, eta elikagaien autentifikazioa aztertu zuten, elikagaiak kudeaketa-sistemetan sartzearen ikuspegitik (BRC, IFS eta FSSC 22000) edo laborategi-mailan dauden tekniken ikuspegitik. Interesgarria izan zen Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuko (SEPRONA) Pedro Mariano Mantellánek emandako ikuspegia elikagai-iruzurraren aurka borrokatzeko operazioei buruz, berriki egindako ikerketen hainbat adibiderekin.

Elikagaiak alferrik galtzea murriztea

Saio horretan, Bartzelonako Unibertsitateko nutrizio eta bromatologiako katedradun Carmen Vidalek moderatutakoan, agerian jarri zen denok garela elikagaiak alferrik galtzearen arazoaren parte, nahiz eta konponbidearen parte ere izan. Birziklatzea oinarrizkoa da, baina nabarmen geratu zen gakoa elikagaiak alferrik galtzea murriztea dela. Hainbat ekimen aurkeztu ziren horretarako:

  • David Estellerrek, AECOC Fabrikatzaileen eta Banatzaileen Elkartekoak, elikagai-industriaren ikuspegitik hitz egin zuen, eta martxan dauden zenbait ekimen azaldu zituen, elikagaiak alferrik galtzea murriztearen adibide.
  • Gaby Sussana “aprofitem els aliments” plataformako ordezkariak elikadura- eta kontsumo-eredua eraldatzeko mugimendu hori aurkeztu zuen, iraunkortasunaren eta erantzukizunaren bidean.
  • Raquel Arpa Kataluniako Osasun Publikoko Agentziakoak (ASPCAT) lan interesgarri bat azaldu zuen elikagaien bizitza erabilgarria eta kontsumo lehenetsiaren datak zabaltzeari buruz, elikagaiak alferrik galtzeari aurre egiteko, elikagai-segurtasuna ziurtatuz.

Kalitate-protokoloak eta elikagai-segurtasuna

Azken saioa Salamancako Unibertsitateko Rafael García Villanovak moderatu zuen. Bertan, elikagai-segurtasuna ziurtatzeko tresna berriak proposatu ziren; horietako batzuek arriskuen analisia dute oinarri, beste batzuek autokontrolak birplanteatzea, eta beste batzuek elikagai-iruzurra saihestea.

Luis Coutok, Galiziako Juntako Osasun Publikoa Sailekoak, Kontrol Ofizialeko Araudi berriak dakartzan berritasunak azaldu zituen, arreta berezia jarriz elikagai-kateko muturretan: ekoizpen primarioa eta kontsumitzaileak. Landare-osasuneko kontrolen irismena zabaltzea, antibiotikoekiko erresistentziak eta Interneten bidezko elikagai-salmenta nabarmendu zituen.

Komunikazioen saioa

Guztira, 23 komunikazio aurkeztu ziren poster formatuan, bilerak iraun zuen bi egunetan. Elikak bi komunikazio aurkeztu zituen: bata, elikagaiak alferrik galtzearen kontrako euskal estrategiarekin lotutakoa, eta bestea, Euskadiko Elikagai Segurtasuneko komunikazio-estrategiarekin lotutakoa.

Eguneraketa data: 2025/07/21

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…