Pirrolizidina alkaloideen presentzia elikagaietan – EFSA 2015

EFSAk lan bat argitaratu berri du, eta bertan animalia jatorriko elikagaietan (esnea eta esnekiak, haragia eta eratorriak, eta arrautzak) zein landareetatik eratortzen diren produktuetan (belar-teak eta elikadura gehigarriak) dagoen pirrolizidina alkaloideen presentziari buruzko informazioa bildu du.

Pirrolizidina alkaloideak Asteraceae, Boraginaceae eta Fabaceae familietako hainbat landare espeziek sortutako bigarren mailako metabolitoak dira, eta substantzia txartzat jotzen dira gizakien eta animalien elikaduran, propietate genotoxikoak eta kantzerigenoak baitituzte. EFSAko CONTAM panelak bi iritzi zientifiko eman zituen (EFSA 2007 eta EFSA 2011), eta horietan gomendatu zuen Europako hainbat eskualdetako elikagaietan konposatu horiek zuten presentziari buruzko datuak biltzeko, datu nahikoa izateko eta horiekin arriskua ebaluatzeko.

Holandako RIKILT institutuak, Alemaniako BfR institutuak eta Kataluniako IRTA institutuak egin dute argitaratu berri den lan hori, eta 1.105 lagin aztertu dituzte, denera. 2014ko urtarriletik 2015eko apirilera bildu ziren supermerkatuetan, saltoki txikietan eta Interneteko salmentan, Europako sei herrialdetan (Frantzia, Alemania, Grezia, Italia, Herbehereak eta Espainia). Laginak kromatografia likidoa eta masen espektrometria erabiliz aztertu ziren, eta 28 eta 35 pirrolizidina alkaloide artean hauteman ziren.

Animalia jatorriko laginetan alkaloide maila txikia aurkitu zuten (% 2); landare jatorriko produktuetan, ordea, proportzio handia hauteman zen; bereziki belar-teetan ( % 91); horietan aurkitu zen pirrolizidina-alkaloideen kontzentrazio handiena.

Animalia jatorriko produktuak

Animalia jatorriko 746 lagin aztertu ziren; zehazki, 268 esne- eta esneki-lagin (jogurta, gazta eta haurrentzako formula barne), 205 arrautza-lagin, eta 273 haragi-lagin (behi-, txerri- eta hegazti-gibela barne).

  • Honako lagin hauetan aurkitu zuten alkaloideen presentzia: 11 esne-laginetan (% 6), nahiz eta maila baxua izan (0,05-0,17 g/kg) eta bi arrautza-laginetan (% 1), 0,10 eta 0,12 g/kg arteko balioetan. Animalia jatorriko gainerako produktuetan ez zen pirrolizidina alkaloiderik hauteman.

Landare jatorriko produktuak

Landare jatorriko 359 lagin aztertu ziren. Horietatik 168 infusioetarako prestatutako laginak ziren (te beltza, te berdea, rooibos tea, kamamila, menda eta belar nahastuen tea barne) eta horietatik 191 landareetan oinarritutako elikagai-gehigarriak ziren.

  • Belar-teen % 91tan hauteman ziren pirrolizidina alkaloideak; kontzentrazioa 6,13 mg/l-koa zen, batez beste; 460 mg/kg te lehorri dagokiona, hain zuzen. Batez besteko kontzentraziorik handiena rooibos tean aurkitu zen (7,99 mg/l) eta txikiena kamamilan (3,65 mg/l).
  • Elikagai-gehigarrien % 60k pirrolizidina alkaloideak zituen, baina kontzentrazioak oso aldakorrak ziren, gehigarri horiek zituzten landareen araberakoak. Alkaloideak sortzen dituzten landareak zituztenek kontzentrazio handiagoa zuten, eta landare horien olioetatik sortutakoek, oro har, ez zuten pirrolizidina alkaloiderik.

Txosten osoa

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…