OHARRA: Euskadin egindako gazten erretiratzea

Euskal osasun-agintaritzek jakinarazi dute esne gordinarekin egindako gazta helduaren zenbait lote erretiratuko dituztela, Buruaga Arditegia enpresakoak (1501584-VI osasun-marka dutenak), listeriaren eta toxina estafilokozikoaren ondoriozko kutsadura mikrobiologikoa dela eta.

Trazabilitate-sistemei esker, lote kaltetu guztiak identifikatu dituzte eta merkatutik kentzen ari dira. Gazta horiek EAEn, Nafarroan, Katalunian, Valentzian, Gaztela eta Leonen eta Madrilen banatu ziren.

Alerta hori Informazioa Bizkor Trukatzeko Sistema Koordinatuaren bidez (SCIRI) jakinarazi da, autonomia-erkidegoek dagozkien neurriak har ditzaten.

Horrez gain, herritarrei azaldu zaie produktu horiek erosi baldin badituzte ez dituztela jan behar, edo osasun-zentroren batera jo behar dutela baldin eta kontsumitu badituzte eta sintomaren bat badute (oro har, digestio-koadroak).

Osasun Saileko Elikagai Segurtasunaren ikuskatzaileek egiten dituzten ohiko kontrolei esker detektatu da alerta hau, ustez gazta hori kontsumitzeagatik elikadura-intoxikazio arina izan duten bi pertsona ikertu ondoren.

Nola bermatzen da Elikagaien Segurtasuna?

Elikagai-enpresek fabrikazio-praktika egokiak eta prebentzio- eta kontrol-sistemak dituzte elikadura-arriskuak aurkitzeko eta saihesteko, autokontrolerako planetan oinarrituak eta osasun-agintaritzek baliozkotuak. Administrazioak, kontrol ofizialaren bidez, egiaztatzen du elikagai-enpresek betetzen dituztela beren ekoizpenen segurtasuna bermatzeko eskakizunak.

Alabaina, eta zero arriskua existitzen ez denez, batzuetan gerta daiteke prebentzio-sistemek huts egitea eta arriskuren bat elikakatean sartzea. Horrelakoetan, martxan jartzen dira detekzio-sistema bizkorrak, produktuak erretiratzeko planak eta alerta-sareen jakinarazpenak.

Trazabilitateari esker, elikagai baten arrastoari jarrai dakioke hasi jatorritik eta azken salmenta-punturaino, eta laster lokaliza daitezke elikagai kaltetu guztiak, merkatutik erretiratu ahal izateko.

Alerta-sareen bitartez, alderdi kaltetu guztiei bizkor ohartarazi ahal zaie elikadura-arriskuez, arriskuak detektatzean ahalik eta azkarrena erreakziona dezaten. Era berean, alerta-sareak funtsezko tresna bat dira informazioaren fluxua bermatzeko eta alerta-kasuetan kudeaketa eta komunikazioa errazteko.

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…