FAOren txostena: klima-aldaketa, nekazaritza eta elikagaien segurtasuna

Aurreikusten da 2050ean elikagaien eskariak gutxienez % 60 egingo duela gora munduan.

Eskari horri eta klima-aldaketaren mehatxuari aurre egiteko, elikagaiak ekoizteko sistemak erabat aldatu behar dira mundu osoan. Horixe da, hain zuzen ere, FAOren “El estado mundial de la agricultura y la alimentación 2016” txostenaren ondorio nagusia.

Txostenean, klima-aldaketak etorkizunean 5 kontinenteetan izango dituen eraginak zehazten dira. Honako hauek dira Europakoak:

ABELTZAINTZA

  • Tenperatura altuek eta hezetasunak areagotu egingo dute abereak hiltzeko arriskua.
  • Klimak eraginda, gari-ekoizpenaren aldakortasuna handiagoa izango da Hego eta Erdialdeko Europan.
  • Neurrizko tenperatura-igoera, nahiz eta hasiera batean onuragarria izan erdiko latitudeko herrialdeetan, negatiboa izango da tenperaturak arian-arian gora egiten duen neurrian

ARRANTZA

  • Berotzeak lekuz mugiaraziko ditu arrain-populazioak iparralderantz edo ur sakonetarantz.
  • Itsas mailaren igoerak, azidifikazioak eta tenperatura-igoerak eragina izango dute akuikulturan.
  • Espezie tropikalek itsasertzeko ekosistemak eraldatuko dituzte Hego Europako itsaso erdi-itxietan.

BASOGINTZA

  • Baso-suteen intzidentzia handiak nabarmen areagotuko du berotegi efektuko gasen isurketa.
  • Ipar Europan eta Europa Atlantikoan, tenperatura eta atmosferako CO2ren maila igotzearen ondorioz, basoak gehiago haziko dira eta zur gehiago ekoitziko da.
  • Zuhaixkek poliki-poliki zuhaitzak ordeztuko dituzte Hego Europan.

Munduan, elikagai-horniduraren eskasiak elikagaien prezioak igoaraziko ditu, baita klimaren aldakortasunak ere. FAOk hainbat proposamen egin ditu etorkizun horri aurre egiteko:

  • Jarduerak eta uztak dibertsifikatzea (dibertsifikatzeko modu bat da uzten ekoizpena, abereak eta zuhaitzak uztartzea).
  • Beste jardunbide batzuk hartzea, besteak beste: nitrogeno ugariko eta beroa ondo jasaten duten uzta-barietateak erabiltzea, zero laborantza lantzea eta lurzoruaren emankortasuna oso-osorik kudeatzea.
  • Nekazari txikiei babesa ematea, arriskuak kudeatzeko duten gaitasuna sendotzeko eta klima-aldaketara egokitzeko estrategia eraginkorrak gauzatzeko.
  • Abeltzaintzan praktika iraunkorrak modu orokorrean hartzeak abereen metano-isuria % 41 murriztuko luke eta ekoizpena handiagotuko luke, eta abereen elikadura eta osasuna hobetuko litzateke horrela.
  • Alferrik galtzen den elikagaien kopurua murrizteak, elikagai-sistemaren eraginkortasuna hobetzeaz gain, txikiagotu egingo lituzke baliabide naturalekiko presioa eta berotegi-efektuko gasen isuria. Munduan ekoizten diren elikagaien herenak, gutxi gorabehera, alferrik galtzen dira bilketaren ostean.
  • Kontsumitzaileak ingurumenaren arloan sentsibilizatzea.
  • Prezio-pizgarriak ematea askoz ere aztarna ekologiko txikiagoa duten elikagaiei.
  • Inbertsioak finantzatzeko politika, erakunde-esparru eta mekanismo egokiak ezartzea, sektorea eraldatzen laguntzeko. Isuriak murrizten dituzten eta baliabide naturalak zaintzen dituzten praktikak babesteko baldintzak jartzea modu bat da nekazaritzaren garapena eta klimarekin zerikusia duten helburuak bateratzeko.
  • Eskualdeko eta nazioarteko lankidetza sendotzea, informazioaren eta ezagutzaren trukea errazteko, baliabide komunak (besteak beste, arrain-populazioak) kudeatzeko, eta nekazaritzaren bioaniztasuna zaindu eta erabiltzeko. Klima-aldaketak beste izurri eta gaixotasun batzuei bide emango die, eta izurri eta gaixotasun horiek mugetatik harago zabaltzeko arriskua areagotuko du.
  • Finantzazio-fluxu handiagoa ezartzea nekazaritzarentzat, eraldatzeko beharrezkoa den inbertsioaren kostua ordaintzeko.

El estado mundial de la agricultura y la alimentación 2016 – FAO 2016

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…