Autokontrol-sistemak elikagai-enpresa txikientzako eta elikagaiak dohaintzan emateko

2017an, EFSAk elikagaien kaltegabetasuna kudeatzeko sistema “sinplifikatu” bat argitaratu zuen (FSMS ingeleseko siglak), tamaina txikiko establezimendu xehekari jakin batzuei zuzenduta (harategiak, elikagai-dendak, okindegiak, arrandegiak eta izozki-dendak), aldez aurreko baldintza planen irizpideetan oinarrituta.

 

Duela egun batzuk, EFSAk antzeko gidalerroak (FSMS) argitaratu zituen beste enpresa xehekari batzuentzat (horien artean, banaketa xehekariko zentroak, supermerkatuak eta jatetxeak, tabernak eta ostalaritzako beste jarduera batzuk barne), baita elikagaiak dohaintzan emateari buruzko beste batzuk ere.

 

Sistema sinplifikatu horren arabera, xehekariek ez lituzkete arrisku espezifikoak sakon ezagutu behar. Horrez gain, jarraibideak ere jasotzen ditu, dohaintzan emandako elikagaiak seguruak direla bermatzeko; hala nola, hauek: bizitza erabilgarriaren kontrola, hotz-katea mantentzea, eta emailearen eta hartzaileen artean komunikazioa bermatzeko bideak.

 

Sistema berriaren menpe, xehekariek hauen berri izan beharko dute bakarrik: egon daitezkeen arrisku biologikoak, kimikoak eta fisikoak, edo alergenoak. Era berean, jakin behar dute kontrolerako ezinbesteko jarduerak ez egiteak (esaterako, prestatutako produktuak eta produktu gordinak bereiztea) arrisku handia ekar dezakeela kontsumitzaileentzat.

 

Dohaintzan emandako elikagaien kaltegabetasuna bermatzea bereziki zaila da, elikagai horiek bizitza erabilgarriaren amaieran egon daitezkeelako, eta elikagaiak dohaintzan emateko katean hainbat “eragile” daudelako. Zientzia-iritzi berri horrek elikagaien emaile eta hartzaileei (elikagaien bankuak eta ongintzako beste erakunde batzuk) lagunduko die elikagaien kaltegabetasuna kudeatzeko sistema sinplifikatuak ezartzen, elikagaien birbanaketa modu seguruan egiten dela bermatzeko.

 

Ikuspegi berriak fluxu-diagrama argiak erabiltzen ditu ekoizpen-etapak laburtzeko, eta taula sinplifikatuak xehekariak elikagaien kaltegabetasuna kudeatzeko prozesuan zehar eramateko, arriskuen identifikaziotik kontrol-neurrietara arte; betiere indarreko araudiarekin bat etorriz. Diagramak eta taulak generikoak dira, eta elikadura-enpresetako operadoreek beren enpresen merkataritza-jardueretara egokitzeko doi ditzakete.

Elikagaien xahuketa EBn

EBko elikagaien soberakinen zati txiki bat baino ez da birbanatzen. 2017an, Elikagaien Bakuen Europako Federazioak 4.1 milioi jaki eman zituen egunero 8.1 milioi pertsonaren onurarako, lehen lerroan diharduten ongintzako 44.700 erakunderen bidez.

 

EBren hondakinei buruzko legeria berriak, 2018ko maiatzean onartutakoak, herrialde kideei eskatzen die neurriak har ditzaten elikagaien xahuketa murrizteko elikagaien hornidura-kateko etapa guztietan, baita elikagaien xahuketa-maila kontrolatzeko eta horri buruzko informazioa emateko ere. Horretarako, EB osoan elikagai-hondakinak neurtzeko metodologia bateratu bat erabili behar dute.

Eguneraketa data: 2025/08/22

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…