Haurren Obesitatea Zaintzeko Europako Ekimenaren (COSI) emaitzen txostena

Duela gutxi, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) argitaratu du Haurren Obesitatea Zaintzeko Europako Ekimenaren (COSI) Datuak biltzeko seigarren txandaren txostena (2022-2024).

Seigarren txanda horretan, 6 eta 9 urte bitarteko 470 000 haur ingururen datuak jaso dira 2022. eta 2024. urteen arteanOMEren Europako Eskualdean parte hartu duten 37 herrialdetan. Halaber, haur horietako 150 000 baino gehiagoren familia-egoerari eta osasunari lotutako jardunbideei buruzko datu gehigarriak bildu dira.

Gehiegizko pisuaren, obesitatearen eta argaltasunaren prebalentzia

Seigarren txandan parte hartu duten herrialdeen artean, 6 eta 9 urte bitarteko haurren % 25ak (% 27 mutilen kasuan, eta % 23, berriz, nesken kasuan) gainpisua/obesitatea dauka, OMEren definizioen arabera.

Herrialdeen arteko aldea nabarmena da: tartea % 9 eta % 42 bitartekoa da, eta obesitatearen kasuan, berriz, % 3 eta % 20 bitartekoa. Herrialde gehienetan (37tik 24) hamar haurretako bat baino gehiagok —eta bostetik ia batek Europako hegoaldeko herrialde batzuetan— obesitatea dauka.

Lehenengo aldiz, COSI txostenean argaltasunaren prebalentziari buruzko informazioa gehitu da; izan ere, argaltasunak haurren garapenean, osasunean eta ongizatean eragina izan dezake. Argaltasun-maila baxu xamarra da (% 3); hala ere, altuagoa da Ekialdeko Europan eta Erdialdeko Asian.

COSI azterlanaren seigarren txandako datuek berretsi egin dituzte aurrez hautemandako alderdi batzuk, hala nola gurasoek ez dutela beti zehaztasunez hautematen seme-alaben pisua. Orokorrean, gehiegizko pisua duten haurren bi herenen kasuan (% 66), gurasoek ustez haur horiek pisu txikia edo arrunta dute.

Elikadura-ohiturak

Osasungarriak ez diren dietak faktore erabakigarria dira gehiegizko pisuari eta obesitateari dagokionez.

Orokorrean, haurren hiru laurdenek (% 75) gosaldu egiten dute egunero; eta, hortaz, laurden batek ez du gosaltzen.

Haurren erdiak baino gutxiagok (% 46) jaten du fruta freskoa egunero, eta heren batek baino gutxiagok (% 32) jaten ditu barazkiak egunean behin gutxienez. Herrialde gehienetan, hezkuntza-maila handiagoko gurasoen seme-alabek aukera gehiago dute egunero frutak edo barazkiak kontsumitzeko.

Datuak eskuragarri dituzten herrialdeen artean, haurren % 16k gosegarri gaziak kontsumitzen dituzte astean hiru egunetan baino gehiagotan, % 41ek gozoak kontsumitzen ditu astean hiru egunetan baino gehiagotan eta % 29k azukredun freskagarriak kontsumitzen ditu astean hiru egunetan baino gehiagotan. Orokorrean, gosegarri gazien eta azukredun freskagarrien kontsumoa ohikoagoa da hezkuntza-maila baxua edo ertaina duten gurasoen seme-alaben kasuan.

Jarduera fisikoa

Jarduera fisiko erregularra egitea oinarrizkoa da adina edozein dela ere: oso garrantzitsua da pisu egokia mantentzeko, gaixotasun ez-kutsakorrak prebenitzeko eta osasun mentala eta ongizatea sustatzeko.

Haurren erdia baino gehiago (% 53) eskolara oinez, bizikletaz edo irristailuak erabilita doa; haurren % 40k, aldiz, motordun ibilgailua erabiltzen du. Gainerako % 7ak garraiobide horien konbinazio bat erabiltzen du. Sexuaren arabera alde txikia hauteman bada ere, hezkuntza-mailaren araberako aldea badago: hezkuntza-maila baxua edo ertaina duten gurasoen seme-alabek oinez, bizikletaz edo irristailuak erabilita joateko aukera gehiago dituzte, hezkuntza-maila altua duten gurasoen seme-alaben aldean.

Haur gehienek modu aktiboan jolasten dute egunean ordubetez gutxienez astean zehar; orokorrean, % 94k astegunetan egiten du eta % 97k, berriz, asteburuetan. Alde txikia hauteman da generoaren edo gurasoen hezkuntza-mailari dagokionez.

Pantailaren aurreko denbora eta loaldiaren iraupena

Haurrak hazi eta garatzen diren heinean, fisikoki aktiboak izan behar dute; era berean, sedentarismo-maila txikia izan behar dute, eta egunero behar beste lo egin behar dute.

Parte hartu duten herrialdetako haurren kasuan, haurren % 42k gutxienez bi ordu ematen dituzte egunean telebistaren aurrean edo gailu elektronikoak erabiltzen astean zehar, eta, % 78k, berriz, astegunetan

Haurren gehiengoak (% 89) gutxienez bederatzi orduz lo egiten du gauean, eta, gutxienez gauean hamar orduz lo egiten duten haurren ehunekoa txikiagoa da (% 47).

Haurren obesitatea oraindik mehatxu nabarmena da osasun publikoaren arloan, eta premiazko neurri politikoez gain, egoera monitorizatzeko datu fidagarriak etengabe jasotzea beharrezkoa da. Ekintza politiko integrala, nazioartekoa, estatukoa zein tokikoa, ezinbestekoa da ingurune osasungarriagoak sortzeko.

WHO European Childhood Obesity Surveillance Initiative (COSI): Report on the sixth round of data collection, 2022–2024

Eguneraketa data: 2026/03/13

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…