Espainiako haur eta helduen obesitatearen mapa

Carlos III.a Osasun Institutuko (ISCIII, gaztelaniazko siglengatik) Epidemiologia Zentro Nazionaleko eta Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziako (AESAN) ikertzaileen talde batek Espainian gainpisuaren eta obesitatearen prebalentzia neurtzeko ikerketa bat egin du. Ikerketak helduei nahiz haurrei buruzko informazioa jasotzen du, eta datuak sexu, adin, kokaleku geografiko eta aldagai sozioekonomikoen arabera banakatzen dira.

Emaitzekin Espainiako gainpisuaren eta obesitatearen mapa osatu da. Datuen oinarria ENE-COVID galdetegian bildutako informazioa da; azterlan horren bidez Espainian 2020an COVID-19agatiko infekzioaren seroprebalentzia aztertu zen.

Guztira 57.131 helduk eta 10.543 haurrek parte hartu zuten. ISCIII eta AESANeko taldeak Espainiako haur, nerabe eta helduen gainpisuaren eta obesitatearen estatu-, erkidego- eta probintzia-mailako prebalentzia neurtu ahal izan du. Horrez gain, beste faktore batzuen araberako aldeak ere ebaluatu dituzte, hala nola datu sozioekonomikoak eta kokaleku geografikoa.

Ondorio hauek nabarmentzen dira:

HELDUAK:

  • Espainian bizi diren 18 urtetik gorakoen % 55,8k gehiegizko pisua du (% 18,7k obesitatea eta % 37,1ek gainpisua). Obesitate larriaren prebalentzia % 4,9koa zen.
  • Gainpisuaren, obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentzia handiagoa da gizonengan emakumeengan baino (+% 13,9; +% 1,3; eta +% 15,3; hurrenez hurren). Aitzitik, obesitate larriaren (+% 0,8), pisu arruntaren (+% 12,0) eta pisu eskasaren (+% 2,3) prebalentziak handiagoak dira emakumeengan.
  • Gainpisuaren prebalentzia Espainiako probintzietan % 40,3 (Ávila) eta % 54,2 (León) artekoa da gizonengan, eta % 24,4 (Girona) eta % 39,7 (Almería) artekoa emakumeengan.
  • Obesitatearen prebalentzia % 13,3 (Girona) eta % 27,4 (Badajoz) artekoa da gizonengan, eta % 11,4 (Burgos) eta % 28,1 (Lugo) artekoa emakumeengan.

 

HAURRAK ETA NERABEAK:

  • Espainiako 2 eta 17 urte arteko 3 adingabetik 1ek gehiegizko pisua zuen (5etik 1ek gainpisua, eta 10etik 1ek obesitatea). Obesitate larriaren prebalentzia % 2,1ekoa zen.
  • Gainpisuaren (+% 2,2), obesitatearen (+% 5,5) eta gehiegizko pisuaren (+% 7,7) prebalentzia handiagoa zen mutikoengan neskatoengan baino.
  • Obesitatearen, obesitate larriaren eta gehiegizko pisuaren prebalentzia handienak 6-9 urte artekoen taldean hauteman ziren; gainpisuari dagokionez, aldiz, prebalentziarik handienak 10-13 urte artekoengan erregistratu ziren; pisu arrunta, bere aldetik, ohikoagoa da 14-17 urte artekoen artean; eta, azkenik, pisu eskasaren marka handiena 2-5 urte artekoengan jaso da.
  • Gainpisuaren, obesitatearen, obesitate larriaren eta gehiegizko pisuaren prebalentziak handiagoak dira obesitatea edo gehiegizko pisua duen helduren batekin bizi diren adingabeengan. Bestetik, pisu arruntaren eta pisu eskasaren -azken horri dagokionez, haurrengan- prebalentzia handiagoa da heldu guztiek pisu arrunta duten etxeetan.
  • Aldakortasun handia dago probintzia artean haztatutako egoera guztien prebalentziari dagokionez.

Eguneraketa data: 2025/08/25

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…