Euskadin erlezaintza antolatzeko Dekretu berria


Gaur argitaratu da EHAAn 139/2025 Dekretua, uztailak 1ekoa, Euskadiko erlezaintza antolatzekoa. Europako araudia garatzeko asmoz, erle-ustiategien eraikuntzetan dauden erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako baldintza higieniko eta sanitarioak ezarri dira.


Neurri berriak Euskal Autonomia Erkidegoko erle-ustiategietan aplikatuko dira, baldin eta honako hauek egiten badituzte:

  • EKOIZPEN PRIMARIOA: Erlauntzak maneiatzearekin lotutako jarduera guztiak barne hartzen ditu, baita erlauntzak ustiategiko instalazioetatik urrun egonda ere.
  • LOTUTAKO ERAGIKETAK: Eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk zentrifugatzea, erauztea, ontziratzea eta enbalatzea ustiategiko instalazioetan bertan.

Berritasun nagusiak

  • Erle-produktuak ustiategiko instalazioetan bertan erauzteko edo ontziratzeko eragiketetarako baldintza higieniko-sanitarioak ezarri dira. Higieneari buruzko Europako araudiak ez du baldintza espezifikorik ezartzen lotutako eragiketa horietarako, eta, horregatik, dekretu honen bidez garatzen da Europako araudi hori.
  • Erregistroan jasotako datuei alta emateko edo aldatzeko eskatzen den informazioa eguneratzen da, eta Euskadiko erleen ustiapen-liburuak izan behar duen gutxieneko edukia ere zehazten da.
  • Halaber, ustiategian bertan erauzitako eta ontziratutako erlezaintzako produktuek honako hauek jaso beharko dituzte etiketan:
    • Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorraren (REGA) zenbakia, nahitaezko aipamen honen bidez: «Producido, extraído y envasado en la explotación ES*********» edo «ES********** ustiategian ekoitzi, erauzi eta ontziratutako produktua».
    • Gaztelaniaz, elikadura-segurtasunari buruzko aipamen hau: «La miel no es recomendable para niños/as menores de 1 año». Aukeran, euskarazko aipamen honekin osatu ahal izango da, baina inoiz ez ordezkatu: «Eztia ez da urtebete baino gutxiagoko haurrentzat gomendagarria».
  • Lurraldeko beste erlategiekiko eta beste elementu batzuekiko distantzien kalkulua hobetze aldera, ustiategi guztiek beren kokalekuen koordenatu geografikoak zehaztea eskatuko da. Era berean, distantziak eguneratu dira, 50/2025 Dekretuan ezarritakoekin bat etor daitezen.
  • Erlategiak seinaleztatzeko kartela nahitaezkoa izango da kokaleku guztietarako. «Atención Abejas / Kontuz Erleak» inskripzioaz gain, hemendik aurrera «Abejas trabajando / Erleak lanean» aukera emango da.
  • Hemendik aurrera, ustiategietan dauden erleen arraza-ekotipoak jakinarazi beharko dira. Gainera, Euskadiko arraza-ekotipo autoktonoa erle beltz iberiarra dela zehazten da (Apis mellifera iberiensis).
  • Azkenik, aipatu behar da dekretu honetan araututa egon ez arren, Euskadiko abeltzaintza-ustiategien antolamendua arautzen duen 50/2025 Dekretuaren bidez baizik, erlategiak udal-baimena eskatzetik salbuetsi direla, eta erauzketa- eta ontziratze-lokaletarako baino ez dela beharrezkoa izango.

Dekretuan alta- edo aldaketa-eskakizunen eta ustiapen-liburuan sartutako berrikuntzak kontuan hartuta, betekizun berrietara egokitutako formulario berriak egin dira. Azpimarratzekoak dira erauzketa-lokalari alta emateko checklist motako memoria eta ustiapen-liburuaren eredu berria, sektoreko eragileekin lankidetzan egina. Erlezaintzarako beharrezkoa den informazio guztia hemen aurkituko duzu:

Eguneraketa data: 2025/10/30

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…