AESANek aldatu egin ditu haurren arrain-kontsumoaren gaineko gomendioak

Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) eguneratu egin ditu haurren arrain-kontsumoaren gaineko gomendioak, merkurioaren presentzia dela eta. Horrenbestez, merkurio-edukirik altuena duten lau arrain-espezieak ez kontsumitzeko gomendioari dagokion adin-tartea zabaldu du, zehazki, 3 urtetik 10 urtera bitartean. Honako hauek dira lau espezie horiek: ezpata-arraina/lubaroa, hegalaburra (thunnus thynnus), marrazoa (gelba, marrazo muturluzea, mielgak, katuarraina eta tintoleta) eta lutxoa.

Ostera, mantendu egin ditu talderik zaurgarrienentzako gainerako gomendioak:

  • 10 eta 14 urte bitarteko haurrak: lau espezie horien kontsumoa 120 gramo/hilabete proportziora mugatzea.
  • Haurdun dauden, haurdun geratu nahi duten edo edoskitze-aldian dauden emakumeak eta 0 eta 36 hilabete bitarteko haurtxoak: lau espezie horien kontsumoa saihestea.

Oro har, astean arrain espezie guztietako 3-4 anoa hartzea gomendatzen da oraindik ere, betiere arrain urdinak eta zuriak konbinatuz.

Haurrek arrain-espezie horiek ez kontsumitzeko adin-tartea metilmerkurio-kontzentrazio ezberdinek haurren (haurtxoetatik hasita, 10 urteko haurrak arte) garapen neurologikoan izan dezaketen balizko eraginengatik zabaldu da, EFSAk adierazitakoari jarraikiz.

Berriki plazaratutako argitalpen zientifikoek eta ikerketek agerian utzi dute Espainiako biztanleen merkurio-kontzentrazioak Europako beste herrialde batzuetakoak baino altuagoak direla, eta hori ikusita, AESANek beharrezkotzat jo du bere gomendioak eguneratzea, modu horretan arraina kontsumitzearen onurak eta merkurioarekiko esposizioan egoteko arriskuaren beherakada bateratzeko.

Mantendu egin da astean 3-4 anoa arrain hartzeko gomendio orokorra, onuragarria baita giza osasunerako.

EFSA: arrainak kontsumitzearen onurak vs arriskuak

2015ean, EFSAk baietsi egin zuen arrainak eta itsaskiak balio biologiko altuko energia- eta proteina-iturri direla, produktu horiek kontsumitzearen onurak eta metilmerkurioaren arriskuak erkatu eta gero. Horrez gain, arrainak eta itsaskiak funtsezko mantenugaiak eskuratzeko bide ona dira, besteak beste, iodoa, selenioa, kaltzioa eta A eta D bitaminak, eta frogatuta dago osasunerako onuragarriak direla horiek guztiak. Gainera, gantz-azido poliasegabeen kontzentrazio altua dute, eta horrek gaixotasun kardiobaskularretatik babesten gaitu.

EFSAk astean 3 edo 4 anoa kontsumitzeko gomendioa egiten zion bai biztanleria orokorrari bai biztanleria zaurgarriari (haurdun edo edoskitze-aldian dauden emakumeak eta haurrak). Izan ere, arraina kontsumitzeak emaitza funtzional hobeak dakartza haurren neurogarapenari dagokionez, eta bihotzeko gaixotasun koronarioak izateko arriskua murrizten du helduen artean.

Gainera, EFSAk EBko herrialdeei gogorarazi zien aintzat hartu behar dituztela beren arrain- eta itsaski-kontsumoaren patroiak, eta ebaluatu egin behar dutela zer-nolako kontsumoa egiten duten biztanleria-talde ezberdinek, metilmerkurioa hartzeagatiko arriskuek arrain-espezie horiek kontsumitzeagatiko onurak gaindi ez ditzaten, gomendio hauei jarraikiz:

  • 1 eta 9 urte bitarteko haurren eta haurdun dauden edo haurdun gera litezkeen emakumeen kasuan, arraina eta itsaskiak kontsumitzeagatiko onurak metilmerkurio-kontzentrazio baxua duten espezieak kontsumituz eskuratu beharko lirateke.
  • Umekia metilmerkurioak neurogarapenean eragin litzakeen ondorio kaltegarrietatik babesteko, haurdun dauden edo egon litezkeen emakumeek ez lukete asteko ahorakin toleragarria gainditu behar.
  • Aintzat hartuta garunak garatzen jarraitzen duela jaio eta gero, asteko ahorakin toleragarria gainditzen duten metilmerkurio-tasekiko esposizioan dauden haurrak metilmerkurioak izan ditzakeen eragin neurotoxikoengatik arriskuan daudela kontsideratuko da.

Horrenbestez, txosten honen ondorio nagusia honakoa da: metilmerkurio-kontzentrazio handia duten arrain-espezieen kontsumoa murriztea da arraina jateagatiko onurak eskuratzeko modurik eraginkorra, eta, aldi berean, horrek murriztu egiten du metilmerkurioarekiko gehiegizko esposizioak eragin litzakeen arriskuak. 

EFSAk merkurioari buruz emandako iritziak

ELIKAren informazioa- Merkurio Arriskua

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…