Arrantzako eta akuikulturako produktuen kontsumo-ohiturak Europan

Berriki argitaratutako Eurobarometroaren inkesta berri batek agerira ekarri duenez, europarrek nahiko maiz kontsumitzen dituzte arraina eta itsaskiak. Inkestarako landa-lana 2016ko ekainean gauzatu zen.

Inkestak, orobat, arrantza-produktuen jatorriari begira zer nahiago den aztertzen du; hauteman denez, gora egin du haztegitik datozen produktuen eta arrantzatutako produktuen artean desberdintasunik egiten ez duen herritarren kopuruak.

Azkenik, inkestak agerian uzten du herritarrak arrantzako eta akuikulturako produktuekin datorren informazioaz fio direla, eta informazioa erraz ulertzeko modukoa eta argia dela iruditzen zaiela.

Arrain-kontsumoa

Europako herritar gehienek (% 72) gutxienez hilean behin kontsumitzen dituzte arrantzako edo akuikulturako produktuak, eta horietatik % 42k astero kontsumitzen dituzte. Jatetxeetan eta beste elikagai-establezimendu batzuetan, galdetutakoen % 34k adierazi dute gutxienez hilean behin kontsumitzen dituztela arrantzako edo akuikulturako produktuak, eta horietatik % 32k astero.

Arraina jaten dutela adierazi duten europar gehienek ziurtatu dute produktu osasungarriak direlako eta zaporea gustuko dutelako jaten dituztela. Aldiz, arrantzako edo akuikulturako produkturik inoiz jaten ez dutenek aditzera eman dutenez, ez zaie gustatzen produktuon zaporea, usaina eta/edo itxura.

Espainian kontsumitzen da arrain gehien (% 92); ondoren, Suedian (% 90) eta Danimarkan (% 86). Hala ere, akuikulturako produktuen kontsumoa txikiagoa da Europako gainerako herritarren aldean.

Erosketa-parametroak

Arraina eta itsaskiak supermerkatuan erosi ohi dira eskuarki (% 74), eta erosteko orduan parametro hauei erreparatzen zaie: lehenik itxura, ondoren salneurria eta, azkenik, jatorria.

Produktu freskoak erosten dira gehien (% 34); jarraian, izoztuak (% 25), latakoak (% 20), ketuak, gazituak eta lehortuak (% 12), eta, azkenik, arrain-oinarria duten jaki prestatuak (% 10).

Galdetutako pertsonen herenak baino gehiagok adierazi dute nahiago dituztela beren herrialdeko arrantzako eta akuikulturako produktuak.

Arrantzako produktuak vs akuikulturakoak

Arraina kontsumitzen duten herritar gehienek arrantzako produktuak dituzte nahiago (% 34); hala ere, galdetutako europarren proportzio handi batek (% 31) dio ez duela desberdintasunik nabaritzen arrantzako eta haztegiko produktuen artean. Akuikulturako produktuak % 8k nahiago dituzte; aldiz, % 14k esan dute ez dutela jakiten produktua arrantzakoa edo akuikulturakoa den erosten edo kontsumitzen dutenean.

Etiquetado

Arrantzako nahiz akuikulturako produktuak kontsumitzen dituztenen erdiak baino gehiagok esan dute arrandegiko edo dendako langileengandik lortzen dutela informazio garrantzitsuena; nolanahi ere, gehienek (% 69) adierazi dute produktuekin datorren informazioa argia eta ulertzeko erraza dela.

Etiketako informazioari dagokionez, arraina kontsumitzen duten europarren hiru laurdenak baino gehiagok (% 76) uste dute arrantzako eta akuikulturako produktu guztien etiketan adierazi behar dela harrapatze- edo ekoizpen-data. Hain zuzen, % 74k uste dute produktu fresko, izoztu, ketu eta lehortuetan iraungitze-eguna edo kontsumo lehenetsiaren data dela informazio garrantzitsuena. Haatik, latako edo aurrez prestatutako produktuei dagokienez, % 70ek uste dute produktuaren jatorria agertu beharko litzatekeela, eta % 64k arrain-espeziea.

Arrantzako eta akuikulturako produktuak erosten dituzten europar gehienak produktuekin batera datorren informazio mota guztiaz fio dira: % 81ek fidagarritzat daukate legez erakutsi beharreko informazioa; % 74k konfiantza dute organismo independenteek ziurtatuko informazioan, eta % 71k markak edo saltzaileak emandako informazioan.

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…