OMEren Arrisku Kimikoen Ebaluazio Sarearen hasiera 14/1013

2014ko urriaren 8tik 10era bitartean, ANSESen Parisko egoitzan egin da OMEren Arrisku Kimikoen Ebaluazio Sarearen bilkura. Munduan arrisku kimikoen ebaluazioa hobetzeko sortu zen sare hori. Bada, sarea arrisku kimikoen ebaluazioaz arduratzen diren erakundeen arteko interakzio-foro bihurtu da, esperientziak eta jardunbide egokiak elkarrekin trukatzeko, bikoiztasunak saihesteko eta arriskuen ebaluazioaren esparruko metodologiak bateratzeko.

Lehenengo batzar horrek sarea martxan jartzea ekarri du. Gaur egun 5 kontinenteetako 22 herrialdetako 53 parte-hartzaile eta 3 behatzaile ditu. Horietako bat da ELIKA, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa. Batzarrean, 60 bat adituk osatutako taldeak eztabaidatu egin du arrisku kimikoen ebaluazioaren inguruan egun martxan dauden jarduerez. Halaber, etorkizunerako lankidetza-ekintzak planifikatu dira; zehazki, datozen 2 urteetarako ekintzak dira, epe horren buruan bilduko baitira berriz ere sarean parte hartzen dutenek.

Honako gai hauei buruzko eztabaidak egin dira:

1. Metodologia

Ikusi da beharrezkoa dela arrisku kimikoak ebaluatzeko metodologiak bateratzea eta munduan hatsarre eta ikuspuntu komunak erabiltzea.

Besteak beste, batzarrean honako hauen inguruan eztabaidatu da: mandatuen formulazioa, ziurgabetasunen ebaluazioa eta adierazpena, txosten eta aginduen berrikuste sistematikoak, gizakiek arriskuen aurrean duten esposizioa ebaluatzeko biomonitorizazioaren erabilera eta arriskuen ebaluaziora biologia molekularra gehitzearen zailtasuna.

2. Arrisku kimikoen ebaluazioa

Parte hartu duten adituek ezagutza eta esperientzia partekatu dituzte, zenbait erakundek identifikatutako arrisku emergenteez eta egindako arriskuen ebaluazioez.

Agerian jarri da beharrezkoa dela zientzia-txosten eta -ebazpenak partekatzea, ahaleginak ez bikoizteko; izan ere, lan-oinarria bera da. Beraz, dokumentazio-kudeatzaile bat sortu da, sarean parte hartzen dutenek informazioa eta agiriak partekatu ahal izateko. Bestalde, komentatu da zaila dela datuak eskuratzea eta egiaztatu da beharrezkoa dela datu-base toxikologikoak estandarizatzea.

Era berean, oso era positiboan baloratu da erakunde bakoitzaren lan-planak eta lehentasunak partekatzeko aukera, etorkizunera begira ahaleginak bateratzeko.

3. Prestakuntza

Prestakuntza-ikastaroei buruzko datu-base bat aurkeztu da. Sarearen baitan sortu da eta arriskuen ebaluazioarekin lotutako prestakuntza-jarduerak jasotzen dira bertan, bai aurrez aurrezkoak, bai on line ematen direnak (Risk Training Database).

Bestalde, on line prestakuntzarako tresna bat aurkeztu da (e-DLT). Arlo horretako prestakuntza garapen-bidean dauden herrialdeetan zabaltzeko asmoarekin sortu da.

ETORKIZUNERAKO PLANA

Lehenengo batzar honetan datozen bi urteetarako lan-agenda ezarri da, nahiz eta oraindik ere definitzeko dagoen lan-plan berria. Honako lehentasun hauek ezarri dira:

  • Hainbat substantzia kimikoren aurreko esposizio konbinatua.
  • Arrisku zehatzen ebaluazioa: nanomaterialak, sendagaien hondakinak, gasa ateratzeko teknikak (fracking), haurren obesitatea…
  • Munduan arriskuak identifikatzeko eta arriskuei lehentasuna emateko tresna bat sortzea.
  • Arriskuen ebaluazio-metodologien gidak berrikustea eta eguneratzea.
  • Lan-talde bat sortzea, prestakuntza-beharrizanak atzemateko eta jarduera horien inguruan ahaleginak batzeko.
  • Lanerako azpi-talde bat sortzea, aurrekoaren baitan, garapen-bidean dauden herrialdeetan arriskuen ebaluazioaren inguruko prestakuntzan lan egiteko.

Azkenik, batzarrean honako hauen inguruko eztabaidak egin eta akordioak lortu dira: sarearen funtzionamendua; batzarren maiztasuna; finantzazio- eta komunikazio-bideak, hala sarean parte hartzen dutenen artean nola kanpora begira, sarea eta bere jarduera ezagutarazteko, eta parte-hartzaileen kopurua areagotzeko. Laster argitaratuko da datozen bi urteetarako lan-plan berria.

OMEren Arrisku Kimikoen Ebaluazio Sarea

Eguneraketa data: 2025/07/18

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…