Beste urte batez, “Pint of Science” zientzia-jaialdia egingo da Gasteizen; zehazki, Abisinia “Soul of Koffee & Craft Beer“ eta Basajaun garagardotegietan. Jaialdiaren barruan dozena bat saio egingo dira, eta maiatzaren 18an, 19an eta 20an izango dira, 19:15ean hasita.
Mila ekitaldi baino gehiago egingo dira estatuko 74 udalerritan, eta Euskadin saioak Bilboko, Donostiako eta Gasteizko establezimenduetan izango dira. 20 eta 30 minutu arteko dibulgazio-hitzaldiak, bakarrizketak edo esperimentuak izango dira, eta horietan ezagutzaren arlo guztietako ikertzaileek beren lana partekatuko dute ohikoa ez den giro batean. Gasteizen kasuan, dozena bat hitzaldi zientifiko egingo dira eta askotariko gaiak jorratuko dira horietan: biomedikuntza, mahastizaintza, mekanika kuantikoa, neurozientzia eta arkeologia (ikusi egitaraurako esteka).
2026ko edizio honetan gurekin izango ditugu Lucía Varela Castro eta Roberto Pérez Parmo, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzaileak, eta berriki Arabako mahastizaintzaren inguruan egin dituzten ikerketei buruz hitz egingo digute.
