|
Fuente:
EFSA
|
Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen.
Txostenaren arabera, 2025ean, eragindako estatu kideen kopuruak gora egin zuen, 13tik 14ra, Espainian basurdeetan TIA detektatu ondoren; erregistratu diren lehenengo kasuak izan dira gaixotasuna 1995ean desagerrarazi zenetik.
Estatu mailan detektatu diren agerraldiak fauna basatian bakarrik ematen ari dira, eta ez dute eraginik etxeko txerri-aziendan.
TIAren bilakaera Europar Batasunean
2025ean agerraldien kopuruak gora egin zuen, EBko etxe-txerrietan nahiz basurdeetan:
- Etxe-txerrien agerraldiak 2024an 333 izatetik 2025ean 585 izatera igaro ziren, nahiz eta intzidentzia handiagoko urteetan erregistratutako kopurua baino gutxiago izaten jarraitzen duen.
- Basurdeen kasuan, agerraldiak 11.036ra iritsi ziren; hortaz, % 44ko igoera egon zen aurreko urtearekin alderatuta.
- Errumanian etxe-txerrietan izandako agerraldien % 81 hauteman ziren, eta Polonian eta Alemanian, berriz, basurdeen kasu kopururik handiena jakinarazi zen.
Etxe-txerrietako agerraldi gehienak ustiategi txikietan eman ziren, 100etik beherako animaliak dituztenetan.
Zaintza pasiboaren garrantzia
Txostenak azpimarratu du oraindik ere zaintza pasiboa TIA goiz detektatzeko tresna nagusia dela:
- Etxe-txerrietan izandako agerraldien % 84 susmo klinikoetatik abiatuta detektatu ziren.
- Basurdearen kasuan, agerraldien % 70 baino gehiago hilda aurkitutako animaliak aztertu ondoren identifikatu ziren; ehizatutako animalietan, ordea, kasu gutxi detektatu dira.
Emaitza horiek indartzen dute zein garrantzitsua den basurdeen gorpuak modu aktiboan bilatzea eta susmoak goiz jakinaraztea, kontrolerako neurri gakoa baita.
Distantzia luzeko sarrerak eta gaixotasuna kontrolatzea
EFSAk 2025ean birusa distantzia luzean sartzeko bi gorabehera identifikatu ditu, bata Alemanian eta bestea Espainian. Ziurrenik, gizakion jarduerarekin lotuta egongo ziren, eta horrek agerian jartzen du birusa lehen eragindako guneetatik kanpo zabaltzeko dagoen arriskua.
Agerraldien kopuruak gora egin duen arren, EBn mugatutako eremuen arteko hedapena nahiko egonkor mantendu da, eta estatu kide batzuek aurrerapauso handiak eman ahal izan dituzte gaixotasuna kontrolatzen, zaintza, biosegurtasun eta basurde-populazioak kudeatzeko neurri intentsiboen bidez.
Ondorioak
EFSAk azpimarratu du abeltzain, albaitari eta ehiztarien arteko kontzientziazioa mantendu eta biosegurtasun eta zaintza pasiboko neurriak indartu beharra dagoela, Europar Batasunean txerri-izurri afrikarra sartu eta hedatzea saihesteko.
TIAri buruzko informazio gehiago eskura dezakezu esteka honetan:
Eguneraketa data: 2026/05/28
