CEuropan krisialdietarako prestatzeko ariketa praktikoen ondorioak



2025ean, EFSAk krisialdietarako prestatzeko bi ariketa diseinatu zituen Europaren erantzun-gaitasuna indartzeko helburuarekin abereen osasuna, osasun publikoa eta elikagaien segurtasuna konbinatzen dituzten jazoeretan. Ariketetan hobetzeko esparruak identifikatu ziren, bereziki koordinazio goiztiarrean, desinformazioaren kudeaketan eta mezuen harmonizazioan; baina, bestetik, osasun bakarra ikuspegiaren efikazia egiaztatu zen jazoera konplexuetan erantzuna indartzeari lotuta.


Bi ariketak —bat barnekoa eta bestea kanpokoa— EFSAren erakunde arteko koordinazioa eta krisialdietan komunikazio-efikazia hobetzeko hainbat urtetarako estrategiaren barruan sartzen dira.

Barne-ariketa EFSAren rolean zentratu zen, osasunarentzat mugaz haraindiko mehatxu larri bihurtzen ari den abereen osasuneko jazoera batean, entzefalitis japoniarraren fikziozko agerraldi baten ondorioz. Hauek izan ziren ondorio nagusiak:

  • Horrelako krisialdietan bozeramailearen rola argitzeko beharra. Izan ere, bozeramaile jakin bat ez izendatzeak inkoherentziak eragin ditzake mezuetan, bai eta erakundea lerrokatuta egon ez dadila eragin ere; eta horrek ondorio negatiboak izango lituzke erakundearen erreputazioan, eta konfiantza publikoaren galera ekarriko luke.
  • Agentzien arteko koordinazio goiztiarraren garrantzia, arriskuen ebaluaziorako eskaera formala jaso aurretik. Horren bidez, atzerapenak saihestuko lirateke baterako erantzunean, bai eta desadostasunak ere narratiba publikoan.
  • Desinformazioa kudeatzeko beharra. Izan ere, koordinazioa aktibatu aurretik eskalatu dezake, eta krisialdiaren fase goiztiarretan kontakizunaren kontrola galtzea eragin. Gomendatzen da desinformazioa kudeatzeko berariazko protokoloak prestatzea.
  • Osasun bakarra ikuspegiaren balioa abereen osasuna, osasun publikoa eta elikagaien segurtasuna integratzeko krisialdiaren komunikazioan. Izan ere, agertoki konplexuetan diziplina anitzeko lantaldeak eta maila guztietako koordinazioa behar dira.

Kanpo-ariketaren bidez, agerraldi bektorial baten erantzun multinazionala ebaluatu zen. Arriskuen Ebaluaziorako Alemaniako Institutuak (BfR) koordinatu zuen, mugaz haraindiko agerraldi bektorial bat simulatzearen bidez. Kasu horretan, estatu kideen gaitasuna ebaluatu zen, alderdi hauek aktibatu eta egokitzeari dagokionez: kontingentzia-planak, agintaritza nazionalen eta Europako agentzien arteko koordinazioa, testuinguru multinazionalean osasun bakarra ikuspegiaren aplikazio praktikoa, eta agertoki dinamiko batean presiopeko erabakiak hartzea. Ekitaldiak oso balorazio positiboa izan zuen, eta agerian jarri zuen krisialdietan komunikazioa ezinbestekoa eta elementu nagusia dela. Horrez gain, koordinazio-mekanismo irmo eta arinen beharra indartu zuen, bai eta egiaztatu ere prestakuntza-jarduerak egiten jarraitu behar dugula, bereziki osasun bakarra ikuspegiaren araberakoak.

Eguneraketa data: 2026/03/13

Elikagai-soberakinak Euskadiko eskola-jantokietan nola kudeatu

| Iturria: ELIKA | 2018. urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, ELIKA Fundazioaren bitartez, euskal elikadura-katearen maila desberdinetan elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko ekintzak abiarazi ditu. Gainera, Estatuko 1/2025 Legea…

Europan txerri-izurri afrikarrari buruzko txosten zientifiko berria

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) txerri-izurri afrikarrari (TIA) buruzko urteko txosten epidemiologikoa argitaratu du, zeinaren bidez gaixotasunak 2025. urtean Europar Batasunean (EB) eta alboko herrialdeetan izan duen egoera aztertzen duen….

Bektoreek transmititutako gaixotasunen arriskuen ebaluazioa EBn

Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) Europar Batasunean 5 bektore talde handik transmititutako gaixotasunak sartu eta hedatzeko arriskuari buruzko ebaluazio zientifikoa eguneratu du, Abereen osasunerako eta “ONE-Health” osasun publikorako interesekoak diren…

AESANek fruktosarekiko bi intolerantzia mota ebaluatu ditu

AESANen Batzorde Zientifikoak zientzia-irizpen bat argitaratu du, eta horretan deskribatu ditu elikagaietan presente dagoen fruktosa ingeritzeari lotutako bi patologiak: fruktosarekiko intolerantzia hereditarioa (FIH) eta fruktosarekiko hesteetako intolerantzia. Elikagaiak egoki etiketatzea,…