Itsas Biotoxinak

Laburpena
Itsas biotoxinak hainbat itsas mikroorganismok, eskuarki algek, sintetizatzen dituzten toxinak dira. Alga horien hazkunde edo loratze handia dagoenean (“marea gorriak”), toxina horiek masiboki ekoizten dira, eta hori kaltegarria da itsas ekosistemarako. Ondorioz, itsas organismoek, hala nola molusku bibalbioek, gasteropodoek eta krustazeoek toxina horiek metatzen dituzte, eta kontsumitzen badira, gizakien osasunarentzat arriskua ekar dezakete.
Hainbat itsas biotoxina mota daude, haien egitura kimikoaren arabera, eta askotariko intoxikazioak sortzen dituzte; intoxikazio larrien kasuetan heriotzak ere eragin ditzakete.
EFSAk legez araututako askotariko itsas biotoxinen arriskuen ebaluazio ugari egin ditu, eta ondorioztatu du balitekeela egungo mugek ez babestea biztanle-talde guztiei, muturrek kontsumoa eginez gero.
Europako araudiak itsas biotoxinekin kutsatutako edozein arrantza-produktu suntsitzera behartzen du, toxikotasun altua dutelako, molusku bibalbioak, gasteropodoak eta krustazeoak izan ezik, horietarako gutxieneko kontzentrazio bat onartzen baita.
Itsas biotoxinek eragindako intoxikazioei aurrea hartzeko estrategia nagusia itsaskiak establezimendu baimenduetan erostean datza, baimendutako lekuetatik atera direla ziurtatzeko. Itsaskia egosita ere ez dira biotoxinak suntsitzen, gehienak termoegonkorrak direlako.
1. Zer dira?
Itsas biotoxinak zenbait itsas mikroorganismok, eskuarki dinoflagelatuek (algak), sintetizatzen dituzten konposatu kimikoak dira.
Algen hazkuntza masiboko aldietan, “marea gorriak” eragitera irits daitezke; horrela deitzen zaie urak kolore gorrixka hartzen duelako mikroorganismo horien presentziagatik, nahiz eta beste kolorazio batzuekin ere ager daitezkeen (mikroorganismoaren arabera); hortaz, arlo zientifikoan alga-loratze kaltegarri gisa ezagutzen dira gehiago.
Ez dakigu zein diren biotoxinak sortzen dituzten algen loratzeak eragiten dituzten arrazoiak; hala ere, uretako mantenugaiek, eguraldiak eta ontzien trafikoak eragina izan dezaketelako susmoa dago; izan ere, bai toxina bai mikroorganismo ekoizlea garraiatu ditzakete lasta-uren bitartez.
Biotoxinen bi talde handi daude: hidrofilikoak eta lipofilikoak.
Biotoxina hidrofiliko nagusiak hauek dira:
- Azido domoikoa (DA).
- Saxitoxina (STX), toxina paralitiko (PST) ere deitua.
- Tetrodotoxinak (TTX).
Biotoxina lipofilikoen artean hauek aurki ditzakegu:
- Azido okadaikoa (OA)
- Iesotoxinak (YTX)
- Pektenotoxinak (PTX)
- Azaspirazidoen taldeko toxinak (AZA)
- Imina ziklikoak (IC)
- Ziguatoxinak (CTX)
- Brebetoxinak (NST)
Gainera, biotoxina anfipatiko batzuk ere badaude, hau da, mutur hidrofiliko bat eta beste mutur lipofiliko bat duten molekulak dituztenak; ez dira aipatutako sailkapenean sartzen. Kategoria horretan daude palitoxinak (PITX).
2. Transmisioa
Toxinak bide bakar batetik transmiti dakizkieke pertsonei:
Elikagaia – pertsona
toxinekin kutsatutako elikagaiak kontsumituta.
3. Efektuak gizakien osasunean
3.1. Toxikotasuna
Itsas biotoxinek kontzentrazio baxuetan ez dute ondorio kaltegarririk, baina kantitate handietan sintoma larriak eragin ditzakete pertsona eta animalietan.
Biotoxinaren eta elikagaian duen kontzentrazioaren arabera, sindrome desberdinak ager daitezke, eta nagusiki sintoma diarreikoak, neurotoxikoak, paralitikoak eta anamnesikoak sortzen dituzte.
Taula honetan agertzen dira biotoxina nagusiak, horiek sortzen dituen mikroorganismoa, eragiten duen intoxikazioa eta pertsonetan eragiten dituzten sintomak.
| Biotoxina | Microorganismo ekoizlea | Intoxickazioa /Sindromea | Sintomak pertsonetan | |
| Toxina neurotoxikoa (NSP) | Gymnodinium breve | Intoxikazio neurotoxikoa itsaskiagatik | Arnasaren erritmoa murriztea Gorputzeko tenperatura murriztea Hotzikarak Izerdia Inurridura Bronkio-uzkurdura Arritmia Kilimak ezpain, aurpegi eta gorputz-adarretan | Irregulartasunak bihotz-eroapenean Goragaleak Gorakoak Beherakoa Hipotentsioa Tenperatura-aldaketak Arranpak Paralisia Koma |
| Toxina amnesikoa (ASP) | Pseudonitzschia | Intoxikazio amnesikoa itsaskiagatik | Goragaleak Abdomeneko arranpak Epe laburreko amnesia | Gorakoak Beherakoa Zorabioak Buruko mina |
| Toxina paralitikoa (PSP) | Alexandrium Gonyaulax | Intoxikazio paralitikoa itsaskiagatik | Inurridura edo gogortzea Behin-behineko itsutasuna Mugimendu-ahulezia Gorputzaren koordinazio-falta Dismetria | Zorabioak Goragaleak Gorakoak Beherakoa Parestesia gorputz-adarretan Artikulazio inkoherentea Arnasteko zailtasunak |
| Azido okadaikoa (OA) | Dinophysis Prorocentrum | Intoxikazio diarreikoa itsaskiagatik | Beherakoa Gorakoak Abdomeneko mina | Sukarra Hotzikarak Buruko mina |
| Ziguatoxinak (CTX) | Gambierdiscus Fukuya | Ziguatera bidezko intoxikazioa arrainengatik | Gorakoak Goragaleak Azkura lokalizatua Inurridura ezpain eta gorputz-adarretan Paralisia Ahultasuna Arranpak | Beherakoa Abdomeneko mina Hipotentsioa Bradikardia Arnasteko zailtasunak Mialgia Artikulazioetako mina |
| Azaspirazidoen taldeko toxinak (AZA) | Azadinium spinosum | Azaspirazikoen bidezko intoxikazioa itsaskiagatik | Goragaleak Beherako larria | Gorakoak Urdaileko arranpak |
| Tetrodotoxina (TTX) | Puxika-arrainaren hesteetako hodiko mikroorganismoak | Puxika-arrainaren bidezko intoxikazioa | Inurridura mingain eta ezpainetan Hats-falta Begi-ninien dilatazioa Muskulu-ataxia Huts kardiobaskularra | Buruko mina Gorakoak Ahultasuna Arnas sistemaren paralisia |
| Palitoxinak (PlTX) | Ostreopsis | Palitoxinen bidezko intoxikazioa | Mingostasun-sentsazioa Gorakoak Ahultasuna Mialgia Zorabioak Disfuntzio kardiobaskularra | Inurridura aho eta gorputz-adarretan Sukarra Goragaleak Abdomeneko mina Artralgia |
| Pektenotoxinak (PTX) | Dinophysis Prorocentrum | Ez da identifikatu PTX bidezko intoxikazioen kasu isolaturik pertsonetan | PTXak OArekin batera agertu izan dira, sintomak azken horrekin lotzen direlako | Pektenotoxinak (PTX) |
| Iesotoxinak (YTX) | Protoceratium reticulatum Lingulodinium polyedrum | Ez da identifikatu YTX bidezko intoxikazioen kasurik pertsonetan | Animalietan kalteak eragiten ditu muskulu kardiako eta eskeletikoan | Iesotoxinak (YTX) |
| Imina ziklikoak (CI) | Alexandrium Karenia selliformis Vulcanodium rugosum | Ez da identifikatu CI bidezko intoxikazioen kasurik pertsonetan | Animalietan nerbio-sistemari eragiten diote | Imina ziklikoak (CI) |
1. Taula: Biotoxina desberdinek erangidako sintomak
3.2. Erreferentziazko balioak
Biotoxinen toxikotasun akutua kontuan izanda, EFSAk Erreferentziazko Dosi Akutua (ARfD) ezarri zuen 2009an biotoxinen talde batzuetarako; hau da, kontsumitzaileen osasunerako arrisku hautemangarririk gabe 24 orduan edo gutxiagoan ahoratu daitekeen elikagai bateko substantzia-kantitatearen balio zenbatetsia, gorputzeko pisuan adierazita (mg/kg edo μg/gorputz-pisuaren kg)
| Biotoxina | ARfD (EFSA) |
| OA eta antzekoak | OA eg-ren 0,3 µg / g.p. kg. |
| PST | STX eg-ren 0,5 µg / g.p. kg. |
| YTX | YTX eg-ren 25 µg / g.p. kg. |
| DA eta isomeroak | DA eg-ren 30 µg / g.p. kg |
| AZA | AZA1 eg-ren 0,2 µg / g.p. kg. |
| PTX | PTX2 eg-ren 0,8 µg / g.p. kg. |
2. Taula: Biotoxina-kantitateen balio zenbatetsia (EFSA, 2009)
EFSAk erabaki zuen ezin zirela ezarri epe luzeko erreferentziazko balio toxikologikoak, toxikotasun kronikoaren datuak falta zirelako oro har.
3.3. Arrisku taldeak
Itsas biotoxinen esposiziorekiko biztanle-talde zaurgarriena itsaski-kantitate handiak kontsumitzen dituztenak dira; izan ere itsas biotoxinak itsas organismo iragazleen haragian metatzen dira gehienbat, hala nola molusku bibalbioetan, eta neurri txikiagoa, gasteropodoetan eta krustazeoetan.

4. Elikagaien bidezko espozioa
Itsas biotoxinak bide bakarretik transmititu dakizkieke pertsonei, barruan toxinak metatuta dituzten arrain eta/edo itsaskiak kontsumituz.
Itsas biotoxinekin kutsatutako arrisku handieneko elikagaiak itsas organismo iragazleak dira, esate baterako molusku bibalbioak (txirlak, muskuiluak, ostrak eta bieirak) eta, neurri txikiagoan, gasteropodoak eta krustazeoak.
Europan, urtero itsas biotoxinekin zerikusia duten 12-14 alerta jakinarazten zaizkio RASFFri, horiek guztiak arrantza-produktuekin eta horien eratorriekin lotuta.
Molusku Bibalbioak
Txirlak, muskuiluak, ostrak eta bieirak.
Gasteropodoak y krustazeoak

Neurri txikiagoan
5. Arriskuaren ebaluazioa
5.1. Ingestio zenbaetsiak
EFSAk irizpen bat eman zuen 2010ean, eta legez araututako itsas biotoxinei buruz egindako irizpen guztien emaitza laburtzen zuen. Agiri horretan, erreferentzia-dosi akutua, Europar Batasunean itsaskia kontsumitzearen ondoriozko esposizio-mailak eta eskuragarri dauden hautemate-metodoak zehaztu zituen.
2010eko ebaluazio horretan, EFSAk iradoki zuen bazitekeela OA, AZA, STX eta DA taldeetako biotoxinetarako legezko mugek ez babestea kontsumitzaileen gama zabal osoa, muturreko kontsumoa kontuan hartuz gero. Aldiz, EFSAk iritzi dio seugurak direla YTX eta PTXetarako legezko mugak.
* Nabarmendu behar da EFSAk arriskuen ebaluazioetan itsaski-haragiaren 400 gramoko anoa erabili duela, kontuan izanik, herrialde batzuetan, besteak beste Espainian, kontsumoa askoz ere baxuagoa dela (43-65 gr/egun, itsaskia guztira), eta, beraz, arriskua gehiegi balioestea ekarriko luke.
5.2. Gomendioak
EFSAk gomendio nagusi hauek egin ditu orain arte egindako arriskuen ebaluazioetan identifikatutako ziurgabetasun eta/edo informazio-hutsuneak oinarri hartuta:
- Itsas biotoxinak sortzea eragiten duten algen loratze-faktoreen azterketa.
- EBko herrialdeetan itsaskien kontsumoari buruzko datuak zabaltzea, eta anoen tamaina eta kontsumo-maiztasuna sartzea, itsaski mota desberdinetarako.
- Elikagaietan biotoxinek duten presentziari buruzko datuak zabaltzea.
- Toxina-talde batzuetarako genotoxikotasunari, ahozko toxikotasunari eta toxikotasun-mekanismoei buruzko informazio osagarria, bai eta kutsatutako itsaskietan elkarrekin bizi diren toxina-talde desberdinen toxikotasun konbinatuari buruzko informazioa ere.
- Epe luzeko toxikotasun kronikoari buruzko datuak eskuratzea.
- ARfDrako gizakien datu epidemiologikoen mugaketa (soilik arratoiekin eginiko entsegu esperimentaletan).
- Metodo azkar, funtzional eta biomolekularrak garatzea, eta ahalegin handiagoa egitea metodoen baliozkotzean laborategien artean.
6. Arriskuaren prebentzioa eta kontrola
6.1. Elikakatean
Algen hazkunde masiboaren arrazoiak zein diren ez dakigunez, eta, beraz, biotoxinak zergatik agertzen diren, zaintza eta kontrol sakona egin behar da kostaldean eta hazkuntza-eremuetan, itsaskiak ekoizten eta ateratzen diren eremuetan itsas biotoxinen gertakari toxikorik dagoen antzemateko. Gertakari horiek jazotzean, agintari eskudunek ekoizpen-eremuak ixten dituzte, itsaskiak ateratzea debekatzen dute eta horiek merkaturatzea debekatzen dute.
Horrenbestez, itsas biotoxinen bidez intoxikatzeari aurrea hartzeko neurri bakarra itsaskiak baimendutako eremuetatik ateratzea da.
6.2. Etxean
Itsaskiak saltzeko baimena duten establezimenduetan erosi behar dira beti itsaskiak; izan ere, era horretan bermatzen da produktuak baimendutako eremuetatik atera direla eta araudiak ezartzen dituen kontrol sanitario guztiak betetzen dituztela.
Bestalde, biotoxinak termoegonkorrak dira; hortaz, ez dira suntsitzen sukaldean prestatzen badira ere. Aitzitik, itsaskiak egosteak itsaskien haragian itsas biotoxina lipofilikoen kontzentrazioa bikoiztea eragin dezake.
7. Legezko mugak
Europako 853/2004 Erregelamenduak, animalia-jatorriko elikagaien higiene-arau espezifikoak ezartzen dituenak, itsas biotoxinen egungo gehieneko mugak ezartzen ditu, iesotoxinena izan ezik (YTX), azken horren gehieneko muga 786/2013 (EE) Erregelamenduak aldatu baitzuen.
Taula honetan laburtzen dira molusku bibalbio, ekinodermo, tunikatu eta itsas gasteropodoei aplikatu beharreko legezko gehieneko mugak; izan ere, beste itsas produktuek ezin dute biotoxinarik izan.
| Itsas biotoxina | Muga | Erregelamendua |
| PST | *STXdiHCl eg-ren *800 µg/kg | 853/2004(EE) Erregelamendua |
| AST | 20 mg azido domoiko/kg | 853/2004(EE) Erregelamendua |
| AZA taldeko toxinak | *AZA eg-ren **160µg /kg | 853/2004(EE) Erregelamenduaren akatsen zuzenketa |
| YTX | *YTX eg-ren ***3,75g /kg | 786/2013 Erregelamendua |
| OA, DTX eta PTX | * azido okadaiko eg-ren 160 μg /kg | 853/2004(EE) Erregelamendua |
3. Taula: Molusku bibalbio, ekinodermo, tunikatu eta itsas gasteropodoei aplikatu beharreko legezko gehieneko mugak
*Guztizko toxikotasunaren ekibalentzia EFSAk gomendatutako toxikotasunaren ekibalentzia-faktoreen bitartez edo EFSAren eguneratutako irizpenen bitartez kalkulatu da.
Neurri horiekin batera, 852/2004(EE) Erregelamenduak, elikagai-produktuen higieneari buruzkoak, molusku bibalbioak biltzeko eremuen sailkapena ezartzen du.
8. Erreferentziak
2008
- Marine biotoxins in shellfish – Azaspiracid group[1] – Scientific Opinion of the Panel on Contaminants in the Food chain
- Marine biotoxins in shellfish – okadaic acid and analogues – Scientific Opinion of the Panel on Contaminants in the Food chain
2009
- Marine biotoxins in shellfish – Summary on regulated marine biotoxins
- Scientific Opinion on marine biotoxins in shellfish – Palytoxin group
- Marine biotoxins in shellfish – Domoic acid
- Marine biotoxins in shellfish – Pectenotoxin group
- Marine biotoxins in shellfish – Saxitoxin group
- Marine biotoxins in shellfish – Yessotoxin group[1] – Scientific Opinion of the Panel on Contaminants in the Food chain
- Influence of processing on the levels of lipophilic marine biotoxins in bivalve molluscs
2010
- Scientific Opinion on marine biotoxins in shellfish – Emerging toxins: Brevetoxin group
- Scientific Opinion on marine biotoxins in shellfish – Emerging toxins: Ciguatoxin group
- Scientific Opinion on marine biotoxins in shellfish – Cyclic imines (spirolides, gymnodimines, pinnatoxins and pteriatoxins)
- Statement on further elaboration of the consumption figure of 400 g shellfish meat on the basis of new consumption data
2017
2021
Eguneraketa data: 2025/07/17



